February 22, 2007 at 22:24
· Filed under Guztiak, Munduan
Publitzitate kanpainia batek polemika sortu du. Ez da kontu berria. Oraingoan Dolce&Gabbana etxeak atera duen azken publitzitate kanpainia izan da eztabaida eragin duena. Hauxe da zer esana eman duen iragarkia:

Espainiako Emakumeen Institutuak eta Facua kontsumitzaileen elkarteak iragarki hori erretiratzeko eskatu diete Italiako moda etxe ezagun horretako buruzagiei. Argazki horrek indarkeri sexista bultzatzen duela diote.
Dolce&Gabbanakoek ez dakit kasu egin dieten, iragarkia erretiratu duten ala ezelango erantzunik ez duten eman… baina, dagoeneko, lortu dute nahi zutena: publizitatea.
Permalink
January 31, 2007 at 16:04
· Filed under Esandakoak, Guztiak, Munduan
Elhuyar hiztegiak siesta hitzari buruz:
1 s.f. Biao, siesta; (bazkalondoko) (lo-)kuluxka, (bazkalondoko) loaldi;
eguerdi-ondoko, eguerdi-osteko.
El calor asfixiante de la siesta: eguerdi-ondoko bero itogarria.
Ba, frantziarrek lortu dute azkenean siestaren instituzionalizazioa (ze inbidia!). Edo, behintzat, bidean doaz. Ba zen garaia siestari merezi duen garrantzia ematea.

Xavier Bertrand Osasun ministro frantziarra izan da eztabaida mahai gaineratu duena, bere esanetan, gure ondoan dugun herrialde horretan 10 milioi pertsonak baino gehiagok dituztelako loaren (edo lo faltaren) arazoak.
“Loa osasunaren gai nagusi bezala hartzeko momentua da”, esan du, eta, “lanean siestatxo bat egin, zergatik ez?” gaineratu du ministroak. Eta sententzia: “loa osasun publikoaren lehentasunetako bat izan beharko litzateke”, gaineratu du. Hauek bai botoak irabazteko eslogan aproposak. Hala ere, ez dakit enpresariak guztiz ados egongo diren.
Frantziar ikerlariak buru-belarri dabiltza gai honi buruzko txosten bat prestatzen, eta Bertrand ministroak iragarri duenez, enpresa boluntarioekin esperimentatuko dute. Seguru nago zientziarekin kolaboratzeko prest dauden langileak harrien azpitik agertzen hasiko direla laster batean.
Bueno, ba horixe. Hementxe uzten zaituztet, siestatxo bat botatzera noa eta (osasunerako ona delako, besterik ez).
Permalink
January 30, 2007 at 15:02
· Filed under Bideoak, Guztiak, Munduan
Soldadu estatubatuarrak Iraken egiten dabiltzan gehiegikeriak ez ditugu ikusten, baina imajinatu ditzakegu. Gerra bera gehiegikeri onartezina da, baina Abu Graib espetxean preso irakiarrei egindako torturak eta umilazioak ikusi genituenean konturatu ginen soldadu “aliatuak” inpunitate osoz diharduela Iraken.
Irakiar arruntak ere ez dira libratzen gehiegikeria horietatik. Bestela, ikus ezazue bideo hau. Soldadu estatubatuar batzuk beraien Hummer ibilgailu potentearekin harrokeriaz jokatzen Bagdadeko kaleetan zehar.
Permalink
January 29, 2007 at 14:34
· Filed under Bideoak, Gure herri hau, Guztiak
Euskal gazteriak talentua dauka. Ez dago inolako zalantzarik. Horren froga da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak joan zen abenduan antolatu zuen Euskal Herriko II. Ikus-entzunezkoen Rallya. 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa zen eta, guztira, 90 bat lagunen hartu zuten parte. Edizio honetan aukeratutako gaia hauxe izan zen: “bai, baina ez”.
Beste urte batzuetan bezala, gazteek egun bakar bat zuten beraien grabazio eta muntaiak egiteko. Eta aurkeztutako lanen artean, hainbat harri-bitxi. Adibide bezala, hementxe duzue Rally-aren irabazlea, Gaizko Fanarragak eta Ibon Antuñanok zuzendutako “Zeruari” laburmetraia.
(Saridunen lanak YouTube web gunean aurkitu ditzakezue)
Permalink
January 26, 2007 at 11:02
· Filed under Gure herri hau, Guztiak

Joan zaigu jada Euskal Herriko ia bazter guztiak zuri-zuri eta eder-eder utzi digun elurtea. Arazo batzuk ere sortu ditu (batez ere errepideetan), baina itxarotekoa zen, ez bait gaude holako baldintzetara ohituta.
Ba, egunotan, komunikabide askotan (bai irrati, telebista zein egunkarietan ere) eguraldi txar bezala kalifikatu dute izan dugun elurte hau. “Eguraldi txarrak Euskal Herri osoan izango du eragina” entzun nuen astelehenean irrati baten, “Eguraldi txarrak arazo ugari eragin ditu errepideetan” zioen atzo egunkariak.
Txarra? Ez dut uste txarra izan denik, sasoikoa baino. Urtarrilaren bukaera gaude (neguan, ez dezagun ahaztu) eta, beraz, benetako eguraldi txarra orain aste pare bat izan duguna izan zen. Ez da normala urtarrilean 17-18 graduko tenperaturak izatea. Hori bai dela eguraldi txarra!

Gainera, elurrak gaztetu egiten gaitu. Nork ez du elur-bolarik jaurti egunotan? Batek baino gehiagok elur-panpina bat egiteko saiakera ere egingo zenuten (pixka bat kursi geratu zait azken hau baina, onartu ezazue, ahalegina behintzat egin duzue). Eta, seguru, asteburu honetan gure mendiak jendez beteko direla, azken elur-malutak zapaltzeko irrikan.
Eta ez naiz hasiko azken asteetan izan dugun (eta oraindik bukatu ez den) lehorteaz hitz egiten. Badakit egun bi hauetan bota duen elurrak ez duela arazo hori konpondu. Hala ere, arnasa hartzeko balio izan du.
Ea, ba, negua negu den bitartean holako beste elurte (eguraldi on) gehiago dugun. Pare bat gehiago bai, behintzat. Ez dakit lerro hauetan nabarian geratu den ala ez baina (ze demontre!) oso gustuko dut elurra.
(Argazkiak Deia egunkaritik hartutakoak dira, lehenengoa Asier Bastidarena eta bigarrena Angel Ruiz de Azuarena)
Permalink
January 25, 2007 at 13:32
· Filed under Guztiak, Munduan
Mesfidatia al zara? Zinikoa? Estresatuta edo deprimituta zaude? Hola bada, adi ibili, beste edozein pertsona baino aukera gehiago duzulako bihotzeko gaixotasunen bat izateko. Hori ziurtatzen du, behintzat, Michigango Unibertsitatean (non bestela) egindako ikerketa batek.
Zientzialarien esanetan, mesfidantzak eta zinismoak harreman zuzena dute inflamazioekin. Eta honek, inflamazioak, gaixotasun kardiobaskularren arriskuak handitzen ditu. Gainera, estrés kronikoa eta depresioa ere lotuta daude era honetako gaitzekin.
Estresatuta dagoen eta mesfidatia eta zinikoa den inor ezagutzen al duzu? Niri politikari bat baino gehiago datozkit burura…
Permalink
January 23, 2007 at 20:27
· Filed under Bideoak, Guztiak, Munduan

Atzo hil zen Pierre Abadea. Henri Groués zen bere izena, 1912. urtean jaiotakoa zen, aita kaputxinoa, eta bere bizitza osoa behartsuenen alde eman zuen.
Emausko traperoen lehen komunitatea sortu zuen 1947an, etxerik ez dutenei aterpe duin bat eskaintzeko. Gaur egun, Emaus-ek 350 komunitate dauzka banatuta mundu osoko 42 herrialdetan.
“Eman jaten Ebanjelioaren berri eman aurretik” izan zen Pierre Abadearen leloa eta Eliza katolikoaren dotrinarekin bat ez datozen ideiak defendatzen zituen. 2005eko urrian Mon Dieu Pourquoi? (Ene Jainkoa zergatik?) liburua argitaratu zuen, eta bertan, Vatikanoko agintarientzako tabu diren gaiak jorratu zituen: Mariaren birjintasuna, Maria Magdalenak Jesusen ondoan bete zuen rola, homosexualen arteko ezkontza, adopzioaren eskubidea, zelibatoa, emakumeen apaizgintza…
Behartsuen apostolua hil da.
Permalink
January 20, 2007 at 13:03
· Filed under Bideoak, Guztiak, Munduan
Hamifkad Ekialde Hurbileko erakunde bakezaleak israeldar eta palestinarren arteko gatazka bukaezinari buruzko kanpainia berri bat jarri du abian. Helburua: guztion kontzientziak astintzea.
“Fantasiazkoa ematen du, ia ametsa.
Baina sinisten dugun unean bakarrik bihurtuko da egi amets hau”
Permalink
January 19, 2007 at 10:48
· Filed under Guztiak, Maitasun istorioak
Madeleine Z. 69 urteko emakume bat zen. Alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) diagnostikatu zioten 2001ean. Ordutik, apurka-apurka, bere giharrak ahultzen joan dira azken hilabeteak gurpil-aulki baten jesarrita edo ohean etzanda igaro behar izateraino. Morfinarekin bakarrik lortzen zuen jasan ezinezko mina baretzea. Bere senitartekoei, lagunei eta baita epaileari ere gutunak bidali ostean, Madeleine Z.-k bere bizitzari amaiera duina eman zion joan zen ostiralean.
Askatasuna da pertsona guztiok daukagun (edo izan beharko genukeen) altxorrik handiena. Askatasuna. Astiro-astiro ahoskatuta eta esaten dugun bitartean bere esanahi sakon eta zabalean pentsatzen badugu, ez dago hitz ederragorik.
Pertsona guztiok dugu (edo izan beharko genuke) bizitza duin bat askatasunez bizitzeko eskubidea. Baina atzera biderik ez duen gaixotasun batek eskubide hori murrizten digun unean, amaiera duina izatea baino ez zaigu geratzen. Eta askatasunez hartu beharreko erabaki hori ere eskubidea izan beharko litzateke.
Madeleine Z.-k, antzeko erabakia hartu duten (edo hartu nahi izan duten) beste askok bezala, bizitza maite zuen beste edozein gauzaren gainetik. Hala ere, guztiek ezin izan dute lortu nahi izan duten amaiera duin hori. Hortxe dugu Inmaculada Echevarria nafarraren kasua, esaterako.
Permalink
January 18, 2007 at 14:28
· Filed under Gure herri hau, Guztiak, Munduan

Tik, tak, tik, tak…
Erlojuaren orratzek aurrera egin dute oraingoan, eta ez da albiste ona. Bost minutu baino ez dira falta gauerdirako, eta hori ere ez da albiste ona. Erloju berezi honen orratzek aurrera eta atzera egin dezakete, eta guztion onerako, hobe izango da inoiz gauerdira heltzen ez bada.
1945. urtean, Chicagoko Unibertsitateko ‘Manhattan Proiektua’ osotzen zuten zientzialariek The Bulletin of Atomic Scientists izeneko aldizkaria kaleratu zuten, eta bertan, hondamendi nuklear baten arriskua zenbatekoa den grafikoki islatzen duen erloju bat ere sortu zuten. Arriskuaren arabera, erlojua aurreratu ala atzeratu egiten dute aldiro. Gaur egun, proiektu nuklearrak, klima aldaketaren eragina eta bestelako mehatxu batzuk dituzte kontuan erlojua eguneratzeko unean. Eta orratzak gauerdira heltzen diranean… orduan dena akabo: Azken Judizioaren Eguna heldu denaren seinale.
Tik, tak, tik, tak…
Euskal Herrian ez daukagu holako erlojurik, baina denok nabari dugu gure orratzek ere aurrera egin dutela. Bost minutu? Bi? Hamar? Ez dakit zenbat falta zaizkigun gauerdira heltzeko, baina argi dago ez dugula utzi behar denbora agortzen.
Permalink